Gurpiltxorik gabe ibili nahi dut!
Proposamen originala eta umoretsua, borondateak eta erresilientziak ikasteko eta hazteko prozesuan funtsezko elementu gisa duten garrantziari buruzkoa.
Borondatearen eta erresilientziaren garrantzia hazkuntzaren eta ikaskuntzaren prozesuari buruzko istorio dibertigarri batean. Ipuin honek –Album Irudidunak egiteko Nazioarteko XVII. Compostela Sariko finalista– bere bizikletari gurpiltxoak kentzeko gogo handia adierazten duen igel txiki kopetilunaren eskaera du hasiera. Unaik bere bizilagun helduen trebeziaren jabe izan nahi du, gai baitira egunkaria besapean daramatela pedalei eragiteko, edo erosketako saskia eramateko, posta banatzeko edo monoziklo baten gainean akrobaziak ere egiteko.
Hala ere, gurpiltxorik gabe eginen duen lehenbiziko paseoa negarretan eta frustrazioan amaitzen da, baina imitatu nahi zituen horiek modu harrigarrian adierazten diote elkartasuna «Gurpiltxorik gabe ibili nahi dut!» haur askoren istorioa da. Haur gehienek, kontakizun honetako protagonista maitagarri eta urduriak bezala, laster haztea helduagoen gauzak egitea du amets. Baina estropezu egitea eta nahi ez duena hain laster ez lortzea ikasbide bihurtuko zaizkio ongi jakiteko zer diren enpatia, elkartasuna, saiatu beharra eta erresilientzia.
Tobias Giacomazzik askotariko animalia gizatiartuak biltzen ditu istorioan: behia, txakurra, uso mezularia, matxinsaltoa... Testu soilean ongi nabarmentzen da liburuaren izenburua den esaldiaren errepikapena, Irudiak bi orrialdeko eszenetan ematen dira, eta haietan xehetasunak, erretratuak eta hiri-giroa dira nagusi, umorezko ttantta goxoekin: kalean irakurtzen ari den egunkaria mokoarekin zeharkatzen duen zikoina; aireak eramanda trikuaren arantzetan iltzatzen diren kartak; ezkutatu nahian dabilen sagua eta buztana tranpa batean harrapaturik duen katua... Pertsonaien adierazkortasunarekin eta pastel-tonuen bidezko tratamendu kromatikoarekin batera, egileak ongi erakutsi du bikaina dela perspektibak eta enkoadraketa-planoak egiten.
Otros idiomas: